Ingurunea - CIN - Pitillas

Pitillasko aintzirako

Natura Erreserba

Pitillasko aintziraren 216 hektareek bizitza basatiaren oasia osatzen dute, soroak nagusi diren eremu horretan. Igelak, igarabak, tximeletak, bisoiak, apoarmatuak eta beste espezie asko elkarrekin bizi dira hezegunean, hegazti komunitate handiarekin batera.

Migrazio ibilbideko kokapen estrategikoari esker, antzarakumeek, koartzek, zingira mirotzek eta beste hegazti espezie batzuek babesa eta elikagaiak aurkitzen dituzte uretan, lezkadian eta inguruetan. Guztien artean txori zezena eta tximutxa nabarmentzen dira, habiak egiten baitituzte martxotik ekainera bitartean. Tximutxa landareen artean ezkutatzen den txori txiki bat da, eta arren bibote beltz bitxiagatik jarri zioten izena. Txori zezena koartza txiki bat da, eta, kolore arre gorrixkaren ondorioz, ezkutuan egoten da lezkadian.

Hezeguneak ez du irteerarik itsasora; Nafarroako handiena da, eta Ebro bailarako garrantzitsuenetako bat. Aurreko mendeko hirurogeiko hamarkadan lehortu egin zuten, lurrak laborantzarako erabili ahal izateko; hala ere, 1976tik aurrera, bere kaxa utzi zen, berez oneratzeko.

 

Balio ekologiko handiaren ondorioz, natura erreserba (1987) eta hegaztientzako babes bereziko eremu (1991) izendatu zuten: RAMSAR zerrendan dago nazioarteko garrantziko hezegune gisa (1996), eta Natura 2000 Sarearen barruan dago, hau da biodibertsitatea kontserbatzeko eremuen Europako sarean.

KASU!

Aintzira natura erreserba bat da, eta ez atseden eremu bat. Errespetatu aintzira bisitatzeko gomendio eta arauak:

  • Ezin dira eraman txakurrak edo bestelako etxe abereak.

  • Ibilgailua aparkalekuan utz ezazu, behatokiaren ondoan.

  • Ahal baduzu, bisitatu lehenik hegaztien behatokia. Sarrera doakoa da, eta bertan jasoko duzu aintziraz modu egokian gozatzeko informazioa.

  • Ez zeharkatu aintzira inguratzen duten hesiak.

  • Ez askatu dortoka edo arrainik. Fauna exotikoak larriki eragin diezaioke hezeguneko bizitzari.

  • Ezin dira autokarabanak kanpatu.

Ezagutu Nafarroako naturagune guztiak